... eta Seaska?

IKASTOLA, Erabateko elebitasuna:
Ikastolentzat, ondare kultural aberats baten transmititzeaz gain, euskaraz mintzatzea, irakurtzea, idaztea eta ikastea helburu garrantzitsua da. Frantsesa lehen mailatik goiti ikasten hasiz eta eskolaldiko zein eskolaz kanpoko jardueretan euskarazko ingurunean murgildua izanez, haurrak bi hizkuntzak goizik bereganatzen ditu eta hori etxeko ingurumena frantsesezkoa baldin badu ere.
IKASTOLA, Ez ohiko hurbiltze pedagogikoa:
Ikastolan, irakasle taldeak haur eta nerabean oinarritzen den hezkuntz proiektu baten inguruan ari dira lanean. Proiektu horrek pertsona bai bere osotasunean bai bere berezitasunean hartzen du. Irakasle eta gurasoen arteko lotura estua lagungarria da egitasmo honetan.
SEASKAko talde profesionalak laguntza logistikoa eta pedagogikoa ekartzen die ikastolei. Talde hori arlo desberdinetan aritzen da lanean: eskola mailako zailtasunak dituzten haurrak laguntzen ditu, irakasle berrien formakuntza segurtatzen du, hezkuntza arloko jarduerak animatzen eta segitzen ditu...
IKASTOLA, Elkarte eskola bat:
Ipar Euskal Herriko 29 ikastolak (lehen mailako 25 ikastolak, hiru kolegioak eta lizeoa) SEASKA federazioaren kide dira. Ikastolak Hezkunde Ministeritzari lotuak dira elkarte kontratupeko eskola pribatuko estatutuaren bidez. Bi mila ikasle baino gehiago eskolatuak dira ikastoletan, ama eskolatik Terminalera.
Guraso guziek beren ikastola kudeatzen duen tokiko elkartearen bizian parte hartzeko aukera dute baita ere ikastola mugimendua egituratzeko eta garatzeko erabakiak hartzen dituen federazio mailan.
Herri Urrats bestak, jardunaldi pedagogikoek, hitzaldiek, kontzertuek eta horrelako ekintzek elkarte dinamika aberats eta bizia islatzen dute.
Ikastolek harremanak dituzte Hegoaldeko ikastolekin nahiz frantses estatuan murgiltze eredua garatzen duten beste elkarte eskolekin (bretoin, okzitandar, katalan eta alsaziar eskolekin).
IKASTOLA, Bilan positibo bat:
Ikastolen eskola karta zabalak SEASKA-k ezarri duen euskarazko irakaskuntza ereduaren garapena eta arrakasta erakusten du. Euskal Herriko haurrei euskarazko irakaskuntza eskaini ahal izatea abantaila bat da, askatasun bat gehiago. Bestalde, euskaldun gazteentzako lan egiteko aukerak eta enplegu eskaintzak emendatuz doazela ikusteak hautatu dugun bidean segitzeko kemena ematen digu.
Ikastolek ez dute gehiago beren kalitate pedagogikoak frogatzeko beharrik. Beren elkarte izaerak egokitzeko gaitasun handiak ematen dizkie. Aitzindari rola atxikiz, egitasmo berritzaileak bultzatzen segitzen dute.
Beren dinamismo eta izpiritu sortzaileari esker, ikastolek euskararen berreskuratze eta berpizkunde prozesuan aktiboki parte hartzen dute.

Aucun commentaire: